Metodo zientifikoa

«Nahiago ditut erantzun ezin diren galderak, zalantzan jarri ezin diren erantzunak baino». ― Richard P. Feynman.

Metodo zientifikoa, zer da?

Lehenik eta behin, metodo zientifiko bakarra dagoelako ideia baztertu behar dugu, metodo zientifikoa benetan komunitate zientifikoak bere teoriak azaltzeko eta berresteko orduan baliozkotzat hartzen dituen praktikak biltzen dituena baita. Hori dela eta, metodo zientifikoa aipatzea da ezagutza modu egoki batean eraikitzeko erabiltzen den taktika multzo bati erreferentzia egitea. Etorkizunean taktika horiek hobetu daitezke edo beste batzuek ordezka ditzakete. Ezagutza lortzea prozesu bat da, eta prozesu horretan aurrera egingo dugu tresna zehatzagoak, datu osatuagoak eta abar izan ahala. Horrez gain, zientzia-esparru bakoitzak, eta baita ikerketa zehatz bakoitzak ere, metodo zientifikoaren eredu propioa izatea eska dezake.

Ikerketa sakona egin
Hipotesi
bat formulatu
Berriro pentsatu, berriro saiatu
Esperimentuen bidezko frogak egin
Emaitzak aztertu
eta ondorioa zehaztu
Egiazko hipotesia
Hipotesi faltsua
Txostena burutu

Grafiko horrek gehienetan azaltzen den metodo zientifikoaren elementuak erakusten ditu. Ikusten denez, grafikoan azaltzen dena ez da behin betiko ezagutza lortzeko prozesua, jakintza hori hobetzeko edo zuzentzeko aukera ematen duen iterazio-prozesu bat baizik.

Eta noiztik pentsatzen da ezagutza eskuratzea prozesu bat dela, zientziak aurrera egiten duela?

Oinarrizko bi prozesuk lagunduko digute inguruan duguna ulertzen:

Dedukzioa edo arrazoibide deduktiboa da premisetatik abiatuta arrazoiketa logiko bati jarraituz ondorio bat lortzeko prozesua. Arrazoiketa deduktibo zuzen batean ezinezkoa da premisak egiazkoak izatea eta ondorioa ez. Adibidez, “Gizaki guztiak hilkorrak dira” eta “Sokrates gizakia da” premisetatik abiatuz, “Sokrates hilkorra da “ inferentzia deduktiboki baliozkoa da.

Sherlock Holmes pipan erretzen.

Sherlock Holmesek arrazoitzen badu: Ezkonduek eraztunak badaramatzate, eta pertsona horrek eraztunik ez badu, orduan pertsona hori ez dago ezkonduta.

Eztabaidatu: arrazoibide induktiboa edo deduktiboa da? Zer eginkizun du probabilitateak arrazoibide mota horretan?

Indukzioan edo arrazoibide induktiboan, premisak (oinarrizko ideiak) egiak izateak konklusioa babesten du, baina ez du bermatzen. Zein da arrazoibide induktiboaren adibide klasiko bat?

1. Orain arte ikusitako zisneak zuriak izan dira (premisa).

2. Beraz, zisne guztiak zuriak dira. Horixe litzateke lan-hipotesia (behin-behineko ondorioa).

Zisne txuria eta zisne beltza.

Baina nahikoa da zisne beltz bakar bat aurkitzea, kontraadibide bat, hipotesia ez baieztatzeko (horri indukzioaren arazoa deitu izan zaio).

Zergatik hitz egiten dugu arazo horretaz? Arrazoia honakoa da: indukzioak ezagutza lortzeko balio digu; arazoak, berriz, ziurtasun osorik ez dagoela adierazten digu. Horregatik esaten dugu zientziak ezagutza aurrerarazten duela, baina ez du ziurtasuna bermatzen.

Zientzia esperimentalek ezaugarri bereziak dituzte, hala nola esperimentuak egiteko aukerak, esperimentu horien kontrol zorrotza, etab. Baina astronomia edo soziologia gisako esparruek ez dute horrelako ezaugarririk, haietan ez baita esperimenturik egiten (behatu besterik ezin da egin); horregatik ezin da esan metodo zientifiko bakarra dagoenik, ezagutza lortzeko modu desberdinak baizik.