
Jokalariaren falazia, Monte-Carloko falazia ere izendatua, gertaera jakin bat iraganean ohikoa zena baino maizago gertatu bada, etorkizunean gertatzeko probabilitate txikiagoa duela pentsatzea da. Uste hau okerra da gertaera askeetan, non gertaera ez dagoen aurrekoaren mende. Falazia hau ausazko jokoekin lotzen da; esaterako, dado bat hainbat aldiz bota eta azken emaitzetan ez bada sei zenbakia azaldu, hurrengo botaldian aterako dela pentsatzen da.
Adibidea:
«Montecarloko falazia» izena fenomenoaren adibiderik ezagunenean sortu zen, 1913an Monte-Carloko kasinoko erruleta-jokoan gertatu zen hartan, bola 26 aldiz jarraian eremu beltzean erori zenean. Jokalariek milioika libera galdu zituzten beltzaren aurkako apustuan, bolada gorri luzeak jarraitu behar ziola oker arrazoituta.
