
Oreka faltsua alborapen mediatiko bat da; horren bidez, kazetariek neutraltasun faltsu baten itxurapean aurkezten dute gai bat, ebidentziek eskaintzen dutena baino modu orekatuagoan. Distantziakidetasun terminoa alborapen mota horrekin lotuta dago. Gutxi batzuen iritziak gehiegizko arreta eta espazioa bereganatzen du, eta, horren ondorioz, iritzi minoritarioa eta gehiengoaren iritzia parekoak direla pentsa daiteke. Oreka faltsua desinformazioaren hedapenaren arrazoi garrantzitsu gisa aipatu da, albiste faltsuen hedapenaren arrazoi gisa, alegia.
Adibidea
Oreka faltsuaren adibide bat berotze globalari buruzko eztabaida da. Komunitate zientifikoak berotze globala ia aho batez industria iraultzaren ondorioei egozten badie ere, dozenaka mila zientzialariren artean gutxi batzuek atribuzio hori zalantzan jartzen dute. Berotze globala eta antropogenikoa dagoela dioen adostasun zientifiko handia dagoen arren, pentsa liteke, bi aldeetako zientzialariei ahots bera emanda, komunitate zientifikoaren barruan desadostasun handia dagoela.
